Isabel Celaá Dieguez Bilbon jaio zen 1949. urtean. Ingeles Filologian eta Zuzenbidean lizentziaduna, EGA agiria ere badu. Gazte-gaztetatik hezkuntzari lotua, Ingelesa eta Literaturan katedraduna da, eta Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendaria izan da. Legebiltzarkidea 1998tik legegintzaldi honetara arte, talde sozialistaren barruan gizarte-politikez arduratu da eta Hezkuntzako bozeramalea izan da Eusko Legebiltzarrean. Era berean, hainbat handi bete ditu Legebiltzarreko Mahaian.
Maiatzaren 12an, jarlekuari uko egin zion, Patxi López Lehendakariak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu izendatu baitzuen. Sail horretan lehenago ere zuzendaritza-kargu garrantzitsuak bete ditu. Izan ere, 1991 arte José Ramón Recalderen Kabinetea zuzendu zuen eta gero, 1991tik 1995 bitartean, Hezkuntzako sailburuordea izan zen Fernando Buesa sailburuaren sasoian. 1995 - 1998 bitartean, berriz, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantzako Kabinetea zuzendu zuen Ramón Jaureguiren sasoian.
Era berean, Isabel Celaá Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteordea izan da eta, kargua eskuordetzan hartuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluko kontseiluburua; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kidea ere izan da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburu berria kultura irlandarrari lotu-lotuta dago. Ezkondua eta bi alabaren ama da, eta politikarekiko pasioa familia-bizitzarekin eta paseo luzeekin partekatzen ahalegintzen da.