|
2001/02ko ikasturtean EAEko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketak aldaketa handiak izan ditu, EHAAn argitara eman eta jarraian aipatzen den legeriaren arabera:
• Abenduaren 11ko 342/2001 DEKRETUA, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa arautzen duena. (01-12-21eko EHAA)
• Abenduaren 11ko 343/2001 DEKRETUA, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetan hizkuntz eskakizunak eta derrigortasunak esleitzeko araubide espezifikoa zehazten duena (01-12-21eko EHAA).
• Abenduaren 11ko 344/2001 DEKRETUA, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuen zerrenda onartzen duena (01-12-21eko EHAA).
• 2002ko ekainaren 18ko AGINDUA, Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa eta funtzionamendua zehazten dituena (02-07-02ko EHAA).
Araudi horietaz gain, ikuskariak lehen aipatutako 344/2001 Dekretuak zehaztutako LZko lanpostuetara esleitzeko era ere arautu nahi da, baita Hezkuntza Ikuskarien Kidegoan sartzeko lan-eskaintza ere.
Horrek guztiak euskal hezkuntza-sistemaren, oro har, eta ikastetxeen eta Administrazioaren, bereziki, Ikuskaritzaren lehentasunezko bezeroak diren aldetik, beharrei eraginkortasunez erantzungo dien Ikuskaritza antolatzeko eredu bat ezartzea du helburu. Ikuskaritza antolatzeko eredu hori arinagoa izango da, koordinazio handiagoa izateko eta lan-taldeak errazago osatzeko. Era berean, ikuskariek ardura handiagoa hartu ahal izango dute beren gain Ikuskaritza Planak osatzen dituzten prozesuak planifikatu, garatu eta ebaluatzeko unean.
Halaber, Hezkuntza Sail honen estrategiatik abiatuta, kalitate- eta etengabe hobetzeko prozesuetan ikuskarien prestakuntza bultzatu da ere azken bi ikasturteotan, eta lehentasuna ere emango zaio hurrengo urteei begira, ikastetxe publikoetan kalitatearen kudeaketa-sistemak ezartzeko plan bat garatzea baitu Hezkuntza Sailburuordetza honek helburu. Izan ere, Hezkuntza Ikuskaritzak ebaluatuko du plan hori.
2002-2005eko aldirako aurreikusten den Plan Nagusi honek Ikuskaritzaren jarduera-ildo nagusiak zehazten ditu. Izan ere, egin beharreko jarduerak edo azpiprozesuak konkretatuko dituzten Urteroko Planak eginez garatuko dira jarduera-ildo nagusi horiek urtero.
|