AURKEZPENA
Azken urteotan, Europako Batasuneko zenbait herrialde, Batzordearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kultura Kontseiluak etengabe egiten dizkien gomendioei kasu eginez, ezartzen ari dira lan-esperientziaren eta beste ikaskuntza ez-formal batzuen bidez eskuratutako gaitasuna aitortzeko sistemak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gaitasuna Egiaztatzeko Egitura da Espainiako Estatuan abian jarri den lehen egiaztatze-sistema pertsonalizatu eta malgua, Europako beste sistema batzuekin homologatzeko modukoa. Egitura operatibo gisa definitu dezakegu eta haren prozedurek lan-esperientziaren eta ikaskuntza ez-formalen bidez eskuratutako populazio aktiboaren lanbide-gaitasuna ebaluatzea dute helburu.
Egitura honek ondorengo bitartekoak erabiltzen ditu haren funtzioa aurrera eramateko: informazioa-, aholkularitza-, laguntza- eta alderatzeko zerbitzuak, gaitasun probak, baimena duen pertsonal informatzaile eta aholkularia eta ebaluazio-taldeak osatzen dituzten ebaluatzaileak.
Gaitasuna Egiaztatzeko Egiturak jadanik dituzten gaitasun horiek pertsonei aitortzea du helburu nagusia, era ofizialean ziurtatzeko eta haien lanbide-gaitasuna eta bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzan motibatzeko asmoz. Halaber, ahalik eta baldintzarik onenetan kokatu nahi ditu pertsonak, gero eta profesional prestatuagoak behar dituen lan-merkatu lehiakor batean.
Orain arte bi mila pertsona baino gehiago hurbildu dira egitura honetara eta % 85ekoa da egiaztatutako gaitasunen arrakasta maila, eskatutakoak kontuan hartuta.
Lanbide Heziketako Kalitaterako eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia da egitura honen jarduerak egiteaz, jarraipena egiteaz eta emaitzak ebaluatzeaz arduratzen den erakundea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren menpeko erakundea da.
|