Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan > Hezkuntzari buruzko azterketa > Ikastetxeko bizikidetza > Ikastetxeetako eskola giroa 
3.1. IKASTETXEETAKO ESKOLA GIROA
Eskola giroa balioesteko, bertako kideen harremanen kalitatea eta besteen onarpen eta baztertze sentipenak aztertu behar dira. Ikastetxean giro egokia izateak bizikidetza errazten du eta gatazkei baldintza egokiagoetan heltzeko aukera ematen du. Faktore horrek eragina dauka ikastetxearen kalitatean.

ESKOLA KOMUNITATEKO HARREMANAK

Era askotako harremanak izaten dira ikastetxeetan: adin bera baina familia eta gizarte jatorri desberdina dutenen artekoak, adin desberdina eta funtzio eta ardura desberdinak dituztenen artekoak…

1 grafikoa: Ikastetxeko harremanak

1 grafikoa: Ikastetxeko harremanak

Inkestatu guztien ustez, ikastetxeko harremanak onak dira. Nolanahi ere, guraso eta irakasleen ustez hobeak dira ikasleen ustez baino.

Lehen Hezkuntzako harremanak hobeak dira Bigarren Hezkuntzakoak baino, adinagatik batez ere (gainerako arrazoi pertsonalak eta egoeraren araberako arrazoiak alde batera utzita). Baita, ordea, irakaskuntza derrigorrezkoa bihurtu delako 16 urteraino eta etapa horretan gizarte aldaketa sakonak indartu egiten direlako.

Ikasleen maila sozio-ekonomikoa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta hobeak dira ikastetxeko harremanak. Izan ere, ikasle horien kultura hurbilago dago eskola kulturatik, eta, hori horrela izanik, errazago egokitzen dira. Ikastetxe pribatuetako harremanak hobeak dira ikastetxe publikoetakoak baino, ikasleen gizarte osaera homogeneoagoa baita.

Neskek mutilek baino balioespen hobea egiten dute ikastetxeko harremanez. Neskak harberagoak izaten dira, eta errazago barneratzen dituzte proposatzen zaizkien bizikidetza arauak.

IKASTETXEETAKO GATAZKAK

Pertsonek edo taldeek interes, behar eta iritzi bateraezinak dituztela uste dutenean sortzen da gatazka. Hezkuntza komunitateko gehienek ez dituzte ez positibotzat, ez negatibotzat hartzen: horiek konpontzeko modua da gakoa. Askok negatibotzat hartzen dituzte, ikasleek batez ere. Ia inork ez ditu positibotzat hartzen.

2. grafikoa: Gatazkaren balorazioa

2. grafikoa: Gatazkaren balorazioa

Gatazkak balioesteko modu horrek kultur aurrerapen handia adierazten du. Bide egokia aurkitzeko gai izanez gero, ikasteko eta aurrera egiteko aukera bihurtzen dira gatazkak. Horretarako, ordea, baldintza batzuk bete behar dira.

Ikasleek ikuspegi negatiboagoa dute gatazkei buruz. Hau dio ikasle batek: “Ikasleak uste du beti berak duela arrazoia, eta, horren ondorioz, zenbaitetan itsutu egiten da. Uste du begitan hartuta dutela, bere aurka daudela. Irakasleek, berriz, uste dute nahi dutena egin dezaketela. Bi aldeetariko inork ez du amore eman nahi”. Irakasleek onartzen dute prestakuntza handiagoa behar dutela ikastetxeko gatazkak behar bezala jorratzeko, eta egun ez dutela gai horri buruzko inolako prestakuntzarik jasotzen.

IKASTETXEETAKO GATAZKARIK OHIKOENAK, IKASLEEN ARABERA
GATAZKAK (SUBJEKTUAK) % GATAZKAK (ARRAZOIAK) %
Talde barneko gatazkak
36,3
Desadostasuna ikastetxearen antolaketari buruz
11,7
Ikasle-irakasle arteko harremanak
17,5
Suntsiketak
9,7
 
Diskriminazioak
7,7
 
Iritzi desberdintasunak
5,1

IKASTETXEETAKO DIZIPLINARIK EZA ETA INDARKERIA EGOERAK

Diziplinarik eza ikastetxeko bizikidetza normalaren parametroen barruan sartzen da. Baina arazo bihurtzen da, diziplinarik gabeko egoerak larriak badira edo maiz gertatzen badira, eta, horren ondorioz, pertsonen arteko harremanak okertu eta ikastetxeko eginbeharrari larriki eragiten badiote. Aitzitik, indarkeriak bere baitan du adiera negatiboa.

3. grafikoa: Diziplinarik eza eta indarkeria ikastetxean eta ikasgelan

3. grafikoa: Diziplinarik eza eta indarkeria ikastetxean eta ikasgelan

Gurasoen eta, batez ere, irakasleen ustez, diziplinarik eza ez da ohikoa, are gutxiago indarkeria; deigarria, irakasleak baitira egoera horiek “sufritzen” dituztenak. Ikasgela barruan irakaslea bertan izateak eta lana araututa egoteak murriztu egiten dute indarkeria edo diziplinarik gabeko jokabideak agertzeko aukera; aitzitik, irakaslearen presentzia hain agerikoa ez den lekuetan (komunean, korridorean eta jolastokian, esaterako), gehiagotan gertatzen dira horrelako jokaerak. Ikastetxeetako diziplinarik ezari eta indarkeriari buruzko alarmismoa ezin da orokortu, ikasle edo talde jakin batzuen ondorioz gertatzen baitira diziplinarik gabeko egoera larrienak. Irakasle askoren ustez, ikasle gehienak onak dira, baina gutxi batzuek muga-mugako egoeretara eraman ditzakete irakaslea eta ikasgela osoa.

Aurreko datuak gorabehera, diziplinarik eza asko ugaritu da irakasleen ustez; zertxobait gutxiago, berriz, indarkeria.

4. grafikoa: Diziplinarik ezaren gehikuntza, irakasleen ustez

4. grafikoa: Diziplinarik ezaren gehikuntza, irakasleen ustez

Ia ez dago alderik Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean. Dirudienez, pertzepzioak lotura handiagoa dauka itxaropenekin edo aurreko esperientziekin errealitatearekin baino. Horrexegatik dira ikasleen gizarte osaeran aldaketa handienak izan dituzten ikastetxeetako irakasleak diziplina gehien gehitu dela uste dutenak: pribatuetan publikoetan baino gehiago, A ereduan B ereduan baino gehiago, B ereduan D ereduan baino gehiago, eta maila sozio-ekonomiko ertain-baxuko ikasleak dituzten ikastetxeetan.

Irakasleen arabera, ez da gehikuntza kuantitatiborik gertatu, aldaketa kualitatiboa baizik. Diziplinarik eza beste modu batera agertzen da, eta min handia egiten die irakasleei: “Garai batean, ikaslea ez zen gai irakasleari esateko “zuk ezin didazu ezer egin”, “salaketa jarriko dizut” edo “badakit zer auto duzun”. Gaur egun, berriz, ikasleek ikasiak dituzte horrelako gauzak… Izatez, ez zaituzte iraintzen, baina aurre egiten dizute, mesprezuz...”. Ikasleek harremanetarako gizarte ereduak imitatzen dituzte, onerako nahiz txarrerako. Irakasle batek onartzen duenez, irakasleei ere eragiten diete aldaketek: “Garbi dago irakasleen eta ikasleen estatusa aldatu egin dela, eta neurri handi batean gizartearen demokratizazioak eragin du hori. Beraz, hori guztia dela eta, planteamendu berria egin beharrean gaude”.

IKASTETXEETAKO DIZIPLINARIK EZARI ETA GATAZKEI HELTZEKO MODUAK

Gatazkei eta diziplina ezari heltzeko moduak aztertzea funtsezkoa da ikastetxeko bizikidetzan zer ondorio dituzten balioesteko.

IKASLEEN DIZIPLINA EZARI ETA GATAZKEI HELTZEKO MODUAK.
IRAKASLEAK LH DBH GURASOAK LH DBH IKASLEAK DBH
Elkarrizketa informalen bidez 12,5 14,7 Barne konponbideak bilatzen dira 69,1 45,3 Elkarrizketa 36,2
Talde eztabaiden bidez 45,5 27,3 Bitartekotza erabiltzen da 10,9
Egituretan 11,4 16,8 Bitarteko batek laguntzen du 18,1 40,2 Beste norbaitek egiten du epaile lana 1,9
Araua aplikatuz 13,4 28,3 Askotan kanporatzen da 0,6 0,4 Erruduna zigortu egiten da 26,4
Ez da aintzat hartzen 1,- 1,9 Ez da aintzat hartzen 1,4 2,1 Ez da aintzat hartzen 10,7
ED/EDE 16,4 7,3 ED/EDE 10,8 11,9 ED/EDE 13,9

Irakasleen eta ikasleen arteko gatazkak konpontzeko (baita ikasleen artekoak ere), elkarrizketa eta hausnarketa mekanismoak erabiltzen dira: irakasle eta ikasle arteko elkarrizketak; talde-ikasgela osoaren bilerak; gatazkan parte hartzen duten pertsonen arteko bilerak, tutorea aurrean dagoela; eta gatazkak eragindako pertsonen artean gatazkaz kanpoko beste pertsona batek bitartekotza lanak egitea. Nahiz eta sarritan horrela jokatu, gatazkak konpontzeko eta portaerak kontrolatzeko eta hobetzeko ikastetxeetan erabiltzen diren prozedurak eta bideak, oro har, ez dira nahikoa eta hobe daitezke.

Ikasleen ustez, askotan erabiltzen da zigorra. Gurasoek onartzen dute ez dela ohikoa zigorrik larriena ezartzera iristea; hots, ikastetxetik kanporatzea. Baina ama batek hauxe dio: “Lotsagarriak dira zenbait ikasleri irekitzen zaizkien espedienteak. Gauza beragatik ikastetxe batzuetan ohartarazi bakarrik egiten zaituzte, eta beste batzuetan kaleratu”.

IKASLEEN SENTIPENAK IKASTETXEETAN

Ikasleek ikastetxeetan dituzten sentipenek eskolako giroa neurtzeko aukera ematen dute. Hauek dira ikasleen erantzunak:

5. grafikoa: Bigarren Hezkuntzako ikasleen sentipenak

5. grafikoa: Bigarren Hezkuntzako ikasleen sentipenak

Ikasle gehienek uste dute irakasleek eta ikaskideek balioetsi egiten dituztela, ez dira baztertuta sentitzen; talde txiki batek, ordea, irakasleek eta ikaskideek baztertu egiten dutela uste du. Ikaskideen balioespenak eta bazterketak irakasleenak baino handiagoak dira, nabariagoak ere bai ikastetxe pribatuetan.

Hala ere, Bigarren Hezkuntzako ikasle askok zenbait egoeraren beldur direla aitortu dute:

6. grafikoa: Ikasleak zertan diren ikaskideen eta irakasleen beldur

6. grafikoa: Ikasleak zertan diren ikaskideen eta irakasleen beldur

Ikasleen artean, ikastetxe pribatuetakoak eta bi ikastetxe sareetako neskak dira ikastetxeko harremanekiko poztasun maila handiena dutenak, baina, aldi berean, beldur gehiago ere badituzte.

Ikasle askok irakasleek barregarri uzteko beldurra izaten dute; izan ere, irakasleak zenbaitetan horrela saiatzen dira ikasleak motibatzen, kontuan hartu gabe errespetu falta dela eta errespetu hori pertsona guztiei zor zaiela, baita ikasketa maila jakin bat lortzen ez dutenei ere.

 

Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan > Hezkuntzari buruzko azterketa > Ikastetxeko bizikidetza > Ikastetxeetako eskola giroa