|
|
1999-2000
ikasturtean Basozelai-Gaztelu Ikastetxe Publikoaren klaustroak bere lan-ildo
gisa bul-tzatzea erabaki zuenez geroztik ari dira bertan gauzatzen liburu
honetan biltzen den proposamena. Urte hauetan, nire lankideek, tutoreek,
jarduerei buruzko hainbat ekarpen eta iradokizun egin dituz-te eta, horri
eskerrak, jarduerak doitu eta egokitzeko aukera izan dut. Horrela, beraz,
lan praktikoa da, geletan benetan egindako lanarekin egiaztatua eta Lehen
Hezkuntzako ikastetxe baten ezaugarrietara egokitua.
Jakina
da material hau agertu aurretik ere egiten zela tutoretza-lana, baina
nire ustez ez zen hain modu sistematikoan eta antolatuan egiten. Lehen
Hezkuntzako zentro askotan gertatu ohi denez, gatazkaren bat sortzen zenean
jorratzen genuen tutoretza, edo hezkidetzako material interesgarriren
bat eskaintzen zigutenean, drogamendekotasun-materialen bat, sexu-hezkuntzakoa,
etab., baina loturarik eta jarraipenik gabe. Ondorioz, bazirudien beti
hasten ari ginela, eta horrek koherentzia urria ematen zion gure lanari.
Horrek
guztiak zera eskatu zigun: Tutoretza Plana (TP-PAT) elkarrekin lantzea,
eta horretantxe hasi ginen. Plan horretan ikusi genuenez, premiazkoa zen
ikasleen ordutegiaren barnean sistematizatzea tutoretza-saioak eta
horixe izan zen, nire ustez, izan zen erabaki garrantzitsuenetako bat,
beharrezko erabakia ere esango nuke, proposamena behar bezala garatzeko.
Adostasuna lortu ondoren, nire lana zera izan zen: gure Tutoretza Planari
gehiago edo gutxiago egokitzen zitzaizkion jarduerak lantzea, hautatzea,
antolatzea eta atalkatzea, lehen mailatik seigarrenerainoko ikasleekin
egindako saioetan gauzatzeko.
Elkarrekin
landu izana azpimarratu nahi dut, bai eta ordutegian izandako presentzia
sistematikoa ere, oinarria baitira tutoretzan nolabaiteko jarraipena izateko
eta ikasturte bakoitzeko tutoreen edo ikastetxea zuzentzen duen Zuzendaritza
Taldearen nahierara ez geratzeko.
Gure
Tutoretza Planak, lehen atalean ikusi ahal izango denez, oinarrizkoa jorratu
nahi du, eta erraza eta benetakoa izan nahi du. Aurreko urteetan ikasleekin,
familiekin eta irakasleen artean dagoeneko egiten ari zenaren erreferentziak
bilatzen ditugu; tutoretzari buruz dauden materialetan oinarritu gara
helburu orokorrak eta jardueraguneak idazteko, eta gutxieneko akordio
batzuetara iritsi gara, irakasle talde osoak onartutakoak.
Behin
urrats horiek egin ondoren, lanari heldu nion eta mailakako karpeta batzuk
agertu ziren, argitalpen-arrazoiengatik zikloka egokitu behar izan ditugunak.
Karpeta horiek urte oso bateko lanaren emaitza izan ziren, asko irakurri
nuen; materiala hautatu, egokitu, hausnartu eta antolatu egin behar izan
dut, merkatuan ez baitzegoen halakorik, ez zegoen proposamen globalik.
Bazen,
jakina, hainbat material gizarte-trebetasunei buruzkoa, hala nola autoestimu,
hezkidetza, talde-dinamika, lankidetzako jolas, sexu-hezkuntza, droga-mendekotasunen
prebentzio, gatazken konponbide, asertibitate, erabakiak hartzeari buruzkoa…
Baina argi eta garbi ikusi nuen proposamen koherente bat osatzeko zegoen
zailtasun handia, elkarren artean loturarik ez zuten proposamenez osatutako
ozeano batean.
Hutsune
nabarmena topatzen genuen, etapa honetako maisu/maistra askok bezala;
alderdi horiek guztiak tutoretzaren ikuspegitik bateratuko zituen planteamendu
baten premia, alegia; Lehen Hezkuntzako tutore batek ikasle berriak gelan
integratzeko egunero egin behar duen lanetik hasita (taldea bateratzeko,
autoestimua hobetzeko, poliki-poliki arau batzuk errespetatzen ikasteko,
arazo txikiak zein handiak nola konpondu behar diren jakiteko…) eta, batez
ere, errealitate guztiak kontuan hartuta, adibidez, lehen mailako haurren
tutore izatea (6 urteko haurrekin) edo seigarrenekoena izatea (11 urtekoak).
Horixe da material honen helburu xumea baina indartsua: proposamen koherentea
eta globala eskaintzea Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan tutoretzak eduki
behar duen presentzia eta garrantzia eduki dezan gure ikasleek bizi duten
garapen pertsonaleko eta eskola-garapeneko etapa honetan.
Liburu
honen edukiak hiru ataletan garatzen dira:
Lehenak
alderdi orokor sorta bat biltzen du: Tutoretza Plan bat
lantzeko argudioak eta tresnak, gure Ikastetxeko Tutoretza Plana eta programazio
orokorreko elementuak: helburu orokorrak zikloka, jardueraguneen definizioa,
ziklokako programazio-adibide bat eta, azkenik, hautatu ditudan jarduera
guztiak jardueraguneen arabera sailkatuak.
Bigarren atala: jardueren
karpeta da, Lehen Hezkuntzak dituen 6 mailetan antolatua. Maila bakoitzean
40 saio inguru dago. Jarduera-gune berak lantzen saiatu gara maila guztietan,
jakina, jarduerak adin bakoitzari egokituta, kurtsoetan zehar halako jarraipen
bat egon dadin.
Hirugarren
atalean beste gai interesgarri batzuk sartu ditut, oso garrantzitsua
iruditzen baitzait horiek begi-bistatik ez galtzea, hala nola familiekiko
harremana (elkarrizketa bat egiteko garairako aholkuak, ikasturte-hasierako
bilerarako gidoia edo gai batzuk etxean jorratzea komeni dela adierazten
duen gutun bat) eta ikastetxeko irakasle guztien arteko koordinazioa,
taldeen funtzionamendu egokirako hain emaitza onak ematen dituena, bereziki
arazoren bat sortzen denean edo erabakiak hartu behar direnean. |
|