1.- Zer da izangaien zerrenda?
Ordezkapen zerbitzua da, ikastetxeen eskariei kalitate- eta eraginkortasun-bermeekin erantzuten diena, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle publikoen multzoan gerta daitezkeen ordezkapen-eskabideei dagokienez
2.- Nortzuk daude zerrendan?
Izangaien zerrenda bakarra da, eta izangai bakoitzari puntuazio jakin bat ematen zaio. Ordezkapenak egin izan dituzten kolektiboek osatzen dute zerrenda
3.- Zein da zerrendan sartzeko modua?
Behin zerrendetan izena emateko epea irekiz gero hiru lurralde historikoetako edozeinetan, eta zerrendan sartzeko betekizun orokorrak beteta –ikus 7. galdera-, eskabidea eta dokumentazioa eraman behar dira Hezkuntzako dagokion/dagozkion Lurralde Ordezkaritzara edo Ordezkaritzetara
4.- Noiz irekitzen dira zerrendak?
Ikasturtean zehar edozein lurralde historikotan espezialitate batean edo batzuetan ordezkapenak egiteko irakasleak behar direla antzematen denean
5.- Zerrendak irekitzen direnean, horren berri ematen al da?
Irekialdi hori prentsan iragartzen da, igandetan normalean, eta gainera, web orrialde honetan bertan, Berriak atalaren barruan
6.- Ordezkapenetarako izangaien zerrendak argitaratzen dira inon?
Ordezkapenen zerrendak: onartuen eta baztertuenak, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratzen dira, baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrialdean ere: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net; hain zuzen, hemen: Langileak/Langile-hornikuntza—>Irakasleak/Ordezkapenetarako izangaiak/Zerrendak irekitzea
7.- Zer betekizunak bete behar dira?
Honako hauek dira ordezkapenetarako zerrendetan sartzeko nahitaez bete behar diren betekizun orokorrak: titulazio akademikoa eta euskara-titulazioa (1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna) Dena dela, zerrendetara sartzeko hizkuntza-eskakizuna izateko baldintza salbuetsi egin ahal izango da, hizkuntza-eskakizuna duten izangaien kopurua ordezkoen beharra asetzeko adinakoa izango ez dela aurrez ikus daitekeen espezialitateetan. Eskakizun hori betetzen ez duten izangaiei eskakizuna betetzen duenik ez dagoenean bakarrik deituko zaie ordezkapenak egiteko, eta orduan bakarrik sartu ahal izango dira ordezkapenetarako izangaiak kudeatzeko zerrendan
8.- Zeintzuk dira eman daitezkeen irakasgaiak?
Hona ordezkapenetarako izangaiek eman ditzaketen espezialitateak:
* Bigarren Hezkuntzari, Lanbide Heziketari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzei eta Musika eta Arte Eszenikoko Irakaskuntzei dagokien mailetan, egiaztaturiko titulazioaren araberakoak, Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren 3. eranskinean argitaratu den titulazioen eta espezialitateen taulan jasotakoak (EHAA 2004-VI- 11 ). Kontuan hartu behar dira, halaber, eranskin horrek izandako aldaketak; hain zuzen ere, Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren 2005eko apirilaren 20ko Ebazpenean (EHAA 2005-V-9 ); 2006ko ekainaren 20ko Ebazpenean (EHAA 2006-VII-6 ) eta 2009ko apirilaren 3ko Ebazpenean ( EHAA 2009ko-IV-24 )
* Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokien mailan, izangaiek espezialitateak eman ahal izango dituzte 1993ko urriaren 14ko Aginduak ( EHAA, 1993-XI-23 ) eta hori aldatzera etorri zen 1999ko uztailaren 26ko Aginduak ( EHAA 1999-IX-1 ) maisu-maistren egokitzapenetarako ezarri dituzten titulazioen arabera. Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpena ( EHAA 2004-VI-11 ) ere hartu behar da kontuan; orobat, hori aldatzera etorri zen 2005eko maiatzaren 18ko Ebazpena ( EHAA 2005-VII-7 )
9.- Nola ordenatzen da zerrenda?
Izangaiak honela ordenatuko dira: puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran. Puntuazio hori ateratzeko, berriz, ordezkapenetarako izangaien arauaren 3. artikuluan ezarritako baremoa aplikatuko da: irakaskuntzako esperientzia, lanbide-esperientzia espezialitatean, espediente akademikoa, musika-jarduera eta puntuazio-berdinketak ebazteko irizpideak. Dena den, Lanbide Heziketaren eta Musika Irakaskuntzen mailetako ordezkapenetarako, honako hauek gehituko zaizkio, hurrenez hurren, aurreko puntuazioari: lanbide-esperientzia eta musikajarduera direla-eta ateratako puntuazioak.
10.- Nola aurkezten da eskabidea eta zer dokumentazio eraman behar da?
Honela laburbil daiteke dagokion Hezkuntzako lurraldeordezkaritzan entregatu behar den dokumentazioa:Hizkuntza-eskakizun hauetakoren bat egiaztatu beharko da : irakasleen 1. hizkuntza-eskakizuna edo horren baliokidea eta /edo irakasleen 2. hizkuntza-eskakizuna edo horren baliokidea. Otsailaren 24ko 48/2009 Dekretua ( EHAA 2009-III-13 )
Irakaspostuen 1. HEren balikideak: IVAPeko 2. HE; HABEren 2. maila; Osakidetzako 2. HE; Ertzaintzako 1. HE; EAEko eta Nafarroako HEOko 4. maila (plan zaharra); , EAEko eta Nafarroako HEOko Maila Aurreratua (B-2, plan berria)
Irakaspostuen 2. HEren balikideak: EGA, IVAPeko 3. HE; HABEren 3. maila; Osakidetzako 3. HE; Ertzaintzako 2. HE, EAEko, Nafarroako eta Madrilgo HEOko Plan zaharreko 5. maila; EAEko HEOko Gaitasun Maila (plan berriko C-1) eta Euskaltzaindiaren “D” ziurtagiria
Zinpeko aitormena, ondokoak adieraziz: diziplinako espediente baten bidez inongo administrazio publikotako zerbitzutik bereizi ez izana, eta zeregin publikoetan jarduteko inhabilitatuta ez egotea
Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan izandako irakaskuntza-esperientzia egiaztatzeko, izendapenaren edo kontratuaren eta lanpostu-uztearen fotokopia konpultsatua. Zerbitzu-orri konpultsatua ere —halakorik bada— erantsiko zaio aurrekoari, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo emandako zerbitzuak egiaztatzeko
Ikastetxe pribatuetan izandako irakaskuntza-esperientzia egiaztatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak emandako ziurtagiria (Ikuskaritzak ontzat emana), zerbitzuaren iraunaldia jasotzen duena, edo kontratuaren fotokopia konpultsatua, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak (Telefonoa: 901.502.050) emandako ziurtagiria, ikastetxearen (enpresaren) izena eta alta-aldiak jasoko dituena
Espezialitatean izandako lan-esperientzia egiaztatzeko, enpresak emandako ziurtagiria, zerbitzaldia jasotzen duena, edo kontratuaren fotokopia konpultsatua, egindako lana zehazten duena, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak (Telefonoa: 901.502.050) emandako ziurtagiria, enpresaren izena eta alta-aldiak jasoko dituena
Tituluaren eta espediente akademikoaren fotokopia konpultsatua
NAN-aren fotokopia
Eskabide orria
11.- Nola jakiten da eskabidea onartuta ala baztertuta dagoen?
Behin-behineko eta behin betiko zerrendak, bai onartuenak bai kanpoan utzitakoenak, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren iragarki-oholean argitaratuko dira, baita web orrialde honetan bertan ere; hain zuzen ere, hemen: Langileak/Langile-hornikuntza—>Irakasleak/Ordezkapenetarako izangaiak/Zerrendak